Urdanetako 2.mailako umeek poz-pozik bizi izan genuen azaroaren 22ko eguna.

 

Goizean goiz hartu genituen autobusak eta urduritasunez beteriko bidai txiki baten ostean, Mungiara heldu ginen.

 

Algaraka jeitsi ginen autobusetatik baina poliki-poliki, Izenaduba basoan murgiltzen hasi ginen einean, lasaitasuna nagusituz joan zen. Ingurune magiko horren giroa izango ote zen? Txorien kanta gozoak? Zuhaitzen adarren mugimendu lasaiak? Txalapartaren soinu urrunak entzuten zirela ere bazirudien!

 

Eta horrela, misterioz beteriko ingurugiro horretan, Landetxo Goikoa baserrira iritsi ginen. Bertan ezagutu genituen pertsonai mitologiko zoragarriek eta Euskal Herriko antzinako tradizioek gure lilura izugarri handitu ziguten: sorginak eta erabilitako sendabelarrak, gure basoetako jauna, Tartalo, Galtzagorriak… eta bestelako pertsonai magikoekin pasa genuen goiza.

 

Azkenik, gure irrika baretu zen, gehien itxarotako momentua heldu zen eta: Olentzero ikusi! Mari Domingik beregana eraman gintuen eta gure Gabonetako Eskutitza hartu ondoren musu eta besarkada handia jaso zuen gure Olentzerok!

 

Ea ondo portatu garen eta gure Gabonetako amets zoriontsuenak betetzen diren… ziur baietz!

 

Eskerrik asko eta hurrengora arte, Olentzero!

 

 

Noticias relacionadas